Danbaka.com

albisteak mp3ak bideoak Goiena

2011/05/30 08:47:29.547 GMT+2

Kooltur Ostegunak: eguenak kalitatez musikatu dituen taldeari, irailera arte

Eguen honetan Iruñeko Kerobia taldearen kontzertuarekin amaituko da Kooltur Ostegunak ekimenaren lehen urtea. Ekimen berritzailea izan da, eguenak kalitatez musikatu dituena. Horretarako ezinbestekoa izan da atzean lanean egon den taldea: musika munduan esperientzia handia duena eta lanerako gertu dagoena. Orain deskantsua hartzeko eta balorazioa egiteko ordua heldu da. Datorren ikasturtean bueltatuko dira eguen musikatuak, irail erdialdean.

"Leku itxietan egiten diren kontzertuetan beherakada igartzen da maiatza aldera. Eguraldi ona edota jaiak direla, jende gutxi izaten da musika aretoetan. Horregatik eta guk geuk ere deskantsu bat behar dugulako erabaki dugu irailera arte kontzertuak etetea", azaldu du Haritz Zubiate Kooltur Ostegunak ekimenaren antolakuntza taldeko kideak. Zubiatez gain, musika munduan esperientzia handia duen taldea egon da atzetik, eguenero kalitatezko taldeak gaztetxera ekarri eta ekimenak aurrera egin zezan bermatzen: Igortz Iturbe, Iker Barandiaran, Iñaki Bengoa, Iago Cascon, Unai Lazkano, Aitor Urizar, Maier Uranga eta Josu Beltran, besteak beste.

Kerobia asteon, lehen urteko azkena

Eguen honetan Iruñeko Kerobia taldeak itxiko du lehen urtea, eta beraz, heldu da baloraziorako ordua: "Pozik gaude, jendeak oro har ondo erantzun du. Lehen kontzertuetan jende kopuru altua mantendu genuen eta horrek asko harritu gintuen. Estilo ezberdinetako taldeak ekarri arren, bataz bestekoa ez zen asko jaisten. Azken saioetan, hori bai, parte hartzeak behera egin du, baina ez dugu uste taldeen kalitatea jaitsi delako gertatu denik, lehen esan dudan moduan, sasoi honetan jendeak beste plan batzuk egiten dituelako baizik". Azaroaren 4an ireki zuten zikloa, eta ondo ireki, gainera: Gari izan zen lehen gonbidatua, eta agertokian denetariko musika aparailuak zituela, bete egin zuen gaztetxea. Lehen kontzertua egin aurretik, baina, antolakuntza taldea hasia zen lanean. Duela urte eta erdi inguru Arrasateko kultura eskaintza nola indartu pentsatzen ari zirela, eguenak egun aproposak zirela pentsatu zuten. Eta gaztetxearekin elkarlanean musika ekipoa erosi ostean, motorra hasi zen martxan. 

Kantitatea baino, kalitatea
Kooltur Ostegunen formatuak ondo funtzionatzen duela dio Zubiatek: "Hasieratik oso argi genituen oinarriak: beti gaztetxean, 22:00etan puntuan, talde bakarra eta saio guztiak prezio berean. Taldearendako erosoa izatea ere oso garrantzitsua da".

Kooltur Ostegunen beste zeinu bereizgarri bat da kantitateari baino kalitateari ematen diotela lehentasuna: "Estiloak estilo, kalitatezko taldeak eskaintzen saiatu gara. Musika zaleak gara aspalditik eta izenak ekarri ditugun arren, saiatu gara jendearendako horren ezagunak ez diren taldeak ere ezagutzera ematen". Azaroaren 4tik 30 hitzordu antolatu dituzte, eguenero bat: 29 kontzertu eta antzerki bat. Kontzertu arrakastatsuena Fiachras-ena izan zen, abenduaren 30ean.

Beraz, helburua lortu dutela ezin ukatu: pintxo poteoa errotu den moduan, arrasatearrek badakite eguenetan gaztetxean badagoela zerbait. Kerobia asteon eta gero, agurrik ez, irail erdialdera arte baizik.


Nork: Jokin Bereziartua.2011/05/30 08:47:29.547 GMT+2
Etiketak: kooltur | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Please answer this question to add your comment



Bisitak blog guztietan: